martes, 6 de noviembre de 2012

Euskal unibertsitateek masifikaziorik gutxien daukatenen artean jarraitzen dute

EROSKI CONSUMERek kaleratu berri duen Unibertsitateen Gidaren arabera, batez beste 8,9 ikasle daude irakasle bakoitzeko euskal unibertsitateetan, kontuan hartuz estatuan dagoen batez bestekoa 12,4koa dela. Deustuko Unibertsitateak 7,2ko ratioa du, daturik baxuena izanik. Aldiz, altuena, Nafarroako Unibertsitateak du, 13,1eko ratioa baitu.

Hainbat dira gida honetan kaleratu dituzten datuak eta horietako bat da Ikerkuntza jarduerena. Euskal unibertsitateek oso maila altua erakusten dute. Iaz, euskal unibertsitateetan egindako 572 doktore-tesietatik 500 inguru EHUn eta Nafarroako Unibertsitatearen artean egin zituzten, 321 eta 182 hurrenez hurren.

Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei (AZL) dagokienez, Nafarroako Unibertsitateak eman ditu daturik altuenak, AZL eta irakasleen arteko ratioa 1,3koa baita. Aldiz, Mondragon Unibertsitateak eta EHUk datu baxuak erakusten dituzte. AZL eta irakasle ratioa aipatutako bi unibertsitate hauetan hurrenez hurren 0,2 eta 0,3koa da. Baxua, estatuko batez bestekoa 0,45 dela jakinik.

Ordenagailuen hornikuntzari buruzko ikerketa bat egin da gida honetan. Mondragon Deustuko Unibertsitateek ordenagailu bat eskaintzen dute ikasle bakoitzeko. Ezin da gauza bera esan EHU, Nafarroako Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 9 eta 12 ikasleren artean banatu beharra dutelako ordenagailu bat.



Unibertsitateek enpresekin duten loturaz hitz egiterakoan, Mondragon Unibertsitatea aipatu beharra dago. Kontuan hartuz euskal unibertsitateen artean ikasle gutxien dituen unibertsitatea dela, 600 enpresekin du lotura, hau da, euskal unibertsitateen artean bigarrena da arlo honetan. Nafarroako Unibertsitatea du aurretik soilik, unibertsitate honek 3.000 enpresekin baitu hitzarmena.


Desoreka masterren banaketan 
EHU da gradu gehien eskaintzen dituen unibertsitatea, guztira 92 gradu ezberdin eskaintzen baititu. Baina, ez da graduetan soilik gertatzen. Master ofizialei begiratuz gero, EHUk beste euskal unibertsitateen aldean eskaintza handiagoa du, 100 master ofizial eskaintzen baititu gaur egun. Espainiar estatuan, Madril, Katalunia eta Andaluzia dira master ofizial gehien eskaintzen dituzten erkidego autonomoak. 500 dira lehengo bi erkidegoek eskaintzen dituzten master ofizial kopurua. Aldiz, Andaluzian zertxobait baxuagoa da kopurua, 350 master inguru eskaintzen baitituzte. Master gutxien eskaintzen dituzten erkidegoak Gaztela Mantxa eta Errioxa dira, 20 master eskaintzera ez baitira iristen.


No hay comentarios:

Publicar un comentario